«M3MORIA AUZOLANA» EKIMENAK ARRETA ORDUTEGIA IZANGO DU ELKARTEAREN EGOITZA BERRIAN; ETA JARDUNALDIAK EGINGO DIRA HIRIKO HAINBAT PUNTUTAN ERE, LEHENENGOA DATORREN MARTXOAREN 9AN, ADURTZA AUZOAN.
2024ko otsailean, Martxoak 3 elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Gogora Institutuarekin, ikerketa, inbentariatze, aholkularitza, dokumentazio eta difusio lanak egiteko, Martxoaren 3ko Memoriala sortzeko Asisko San Frantzisko elizan, 1976an poliziak egindako sarraskiaren eszenatokian. Hitzarmen hori 2025ean berritu da, eta, beraz, elkarteak etorkizuneko memoria-gune horretarako edukiak lantzen jarraitzen du.
2024an, 70 elkarrizketa baino gehiago egin zaizkie hildako langileen senideei, zaurituei, ordezkaritza-batzordeetako partaideei, prozesu hartan inplikatutako apaizeieta gertakariak lehen pertsonan bizi izan zituzten beste protagonista batzuei. Gainera, pertsona horiek zituzten objektuen bilduma zabala egin da, eta dohaintza-protokolo bat ezarri da horretarako.
Martxoak 3 elkarteak beste urrats bat eman du M3MORIA AUZOLANA ekimenarekin. Nahi duen orok elkartearen egoitza berrira (Vicente Manterola kalea, 1) joan daiteke orain bere testigantza ematera. 1976ko langile-prozesu haren bizi-baldintzekin eta testuinguru historikoarekin lotutako objektuak ere entregatu ahal izango dira. Material horiek askotarikoak izan daitezke: laneko arropa, nominak, maletak, paskinak edo garai hartako dokumentuak, emakumeek erabiltzen zituzten poltsak edo egun haietan jasotako polizia-munizioa.
Testigantzak eta objektuak biltzeko, aurrez aurreko ordutegia ezarri da astelehenetik ostiralera, 11:30etik 14:00etara. Elkartearen telefono hauetan ere jarri ahal izango da jendea harremanetan: 945777881 eta 688677902. Zaramagako bulego berria ez da martxoaren 3ko memoriari lotutako informazioa helarazteko modu bakarra izango. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, hiriko auzoetan ere jardunaldiak antolatuko dira. Lehenengo hitzordu ibiltaria Adurtzan izango da, martxoaren 9an, igandea, 11:00etatik 13:00etara (Heraclio Fournier, 30).

Elkartearen egoitza berria otsailaren 27an, ostegunean, inauguratuko da. Irekiera-ekitaldiaren aurretik, «Martxoak 3» obra interpretatuko da, 1976ko greba-prozesuan egindako azken batzarra gogoratzen duen dantza garaikidea. Beatriz Ledesma «Noralai» dantza garaikide eta psikologia eskolako zuzendariak sortu du, eta zentro horretan trebatu diren dantzariek parte hartzen dute bertan. 19:30ean interpretatuko da sarraskiaren lekuan, Martxoaren 3ko plazan.





Martxoak 3 elkarteak datorren astelehenean, martxoak 3, ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuekin batera antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzeko deia egin du: Martxoaren 3ko biktimen omenezko monolitoan omenaldia 18:00etan eta ondoren manifestazioa «FAXISMOAREN AURREAN ANTOLATU, ESKUBIDE SOZIALAK BORROKATU» lelopean. Mobilizazioa Zaramagatik Katedral Berriraino izango da. Bertan egin zen duela 49 urte hildako langileen aldeko hileta jendetsua, eta, horrela, langileen borrokarekin eta 1976ko sarraskiaren zigorgabetasunaren salaketarekin lotutako bi leku elkartuko dira.
