2014. urtean egindakoa berritu eta askotariko materiala bildu da webgune batean:
https://sites.google.com/ekialdea.com/kpmartxoak3/orri-nagusia

Martxoak 3 elkarteak unitate didaktiko berria aurkeztu du gaur. Borinquen Martinez Telleria eta Miren Rodrigo Argote Bigarren Hezkuntzako irakasleek sortu dute IRALEn eta aurtengo ikasturtean erabilgarri dago. Berriztearen ideia Ekialdea BHI Institutuan sortu zen pasa den urtean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailarako pentsatuta dago, Komunitaterako Proiektuak ikasgairako, hain zuzen ere. Unitate didaktiko horrek 2014an sortutakoa berritu, osatu eta askotariko materiala bildu nahi izan du “azken urteetan sortu den ikasgai horrek dituen hutsuneak betetzeko asmoarekin eta irakasleei lana errazteko asmoarekin”.
Oraingo honetan webgune batek papera ordezkatu du eta materiala bertan jaso da. Bertan komikia, galdetegiak, “Vitoria, 3 de marzo” pelikula, aurkezpenak eta azalpen teorikoak, besteak beste jaso dira. Aurretik eginda zegoen Martxoak 3 elkarteko materiala berrerabili dira horretarako, baita Xabier Sagastak komiki formatuan sortutako irudiak ere.
Miren Rodrigo Argotek azaldu duenez “Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa ikasleekin lantzea da helburu nagusia, giza eskubideen urraketatik abiatuta”. Horretarako, belaunaldien arteko transmisioa ardatz du proiektuak.
Are gehiago, ikasleen ikerketa lanen ondorioz sortuko diren testingantza bildumak ezagutarazi eta gaiaren inguruko sentsibilizazioa sustatzeko erabiliko da. Halaber, mailen arteko elkarrekintza ere bultzatzen da proposamen honen bidez, 4.mailako ikasleek 2.mailako ikasleen aurrean aurkeztuko baitituzte ikerketen emaitzak.
Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak bereziki azpimarratu du sarraskia ezagutarazten eta Gasteizen gertatutakoaz kontzientziatzen lagunduko duten materialak egin behar direla. «Elkartearen funtsezko ardatzetako bat da belaunaldi gazteenei azaltzea zer gertatu zen 1976ko martxoaren 3an. Bisitei eta horrelako materialei esker, memoria bizirik mantentzea lortu dugu», nabarmendu du Martxoak 3 elkarteko Amaiur Arbe Arrieta-k.
M3 UNITATE DIDAKTIKOA:
https://sites.google.com/ekialdea.com/kpmartxoak3/orri-nagusia







