Gaur egungo egoera politiko-ekonomikoaren aurrean zalantza eta arrisku ugari agertzen zaizkigu, badakit. Baina, zaila ematen badu ere, garai ilun hauetan mezu positibo bat luzatu nahi dut. Nire eremu militantearen ikuspuntutik aztertuta, norabide onean aldaketak lortzea posiblea dela eta oztopo guztien gainetik aurrera goazela trasmititu nahi du hausnarketa xume honek.
Azken urteotan nire jarduera politiko-soziala Euskal Herriko mugimendu memorialistan kokatu da. Honi esker, atzo eta biharko borrokaren arteko katebegiak besterik ez garela ulertu dut. Horregatik gure oroimen historiko iraultzailea bizirik mantentzea mundu berri bat eraikitzeko tresna bezala aldarrikatzen dut. Abiapuntu hau kontutan harturik, eremu memorialista honetan lortutako garaipen txikiak azpimarratu nahi ditut. Hamarkadetan hainbeste sufritzera eta erresistitzera ohitu garenez, oso garrantzitsua ikusten baitut lorpen guztiak aldarrikatzea. Nahiz eta txikiak eman, garaipen hauen batuketek eraldaketa handiak sortzen dituztelako. Gure kasuan, zigorgabetasuna eta ahanztura elikatu duen eredu honen kontra lortutako bi adibide jarriko ditut, aintzat hartu beharreko bi herri-garaipen direnak.
Lehenengo adibidea Gasteizko Zaramaga auzoan daukagu, 1976ko Martxoaren 3ko sarraskiaren eszenatokian, Fraga ministroak zuzendutako uniformedunen balek bost langile erail zituzten lekuan. Juan Carlos de Borbón buru zuten Estatu-egiturek eragindako krimena izan zen. Hortaz, transizio baketsuaren kondaira ofizialak errealitatearekin talka egiten duen izebergaren tontorra bihurtu da Gasteizko Martxoaren 3a.
Orain eginberri diren horma-irudi erraldoiak eta oroigarriak ibilbide luze baten emaitzak isladatzen dituzte. Edonork bisitatu dezake Zaramaga auzoa eta bertan konprobatuko du nola salaketa bizirik mantentzeko lan-herrikoiak eraikin oso baten aurrealdean garaipen bat margotu duen. Martxoak 3 plazan jarritako oroigarri berrian ere gure borroka-kontakizuna gu geuk idatzita geratu delarik. Hainbeste urteetan zehar egindako mobilizazio, hitzaldi, ekimen, mozio eta abar guztiak emaitza horietan ikusgai dira. Kalean zein erakundetan landutakoaren ondorioz jasotako garaipena izan da.
Gogora ekarri behar gainera, inoiz Euskal Herrian egindako horma-irudi politiko handiena eta edukiz jantzitako oroigarri berri hau PPko udala batek babestuta egin direla, behartuta noski, baldintzak sortu direlako hau horrela izan dadin, bai erakunde barrutik bai eta kanpotik ere. Garaipena izan da bertsio ofizialak beti eztali nahi izan dituen krimenak gizarteratzeko aurrera pausoa eman delako; baina bereziki, bertsio ofiziala defendatu eta zigorgabetasuna elikatu dutenak proiektu hauek babestera behartu ditugulako.
Eragile anitzen herri-ekimena eta erakunde lana batuz, bigarren adibidea frankismoaren kontrako Argentinako kereila dugu. Honen bitartez, Estatu espainiarran hamarkadetan ahalbideratu den injustizia eta eskubide urraketa sistematikoa agerian geratu dira, bertsio ofiziala milaka zatitan apurtu den ispilu faltsua bilakatuz. Bizirik dirauten bederatzi ministro frankisten edota garaiko ehundaka polizi torturatzaileen egoera konkretua zertan bukatuko den ikusi behar oraindik, baina biraketa betiko eman da. Hemendik aurrera gertaera errepresiboen kontakizunean argi eta garbi agertuko delako Argentinatik markatu den inflexio puntu hau, hemen aspaldidanik salatzen duguna internazionalki eta judizialki babestu eta indartu digutelako.
Espainiako demokraziaren oinarria den “transizio eredugarria” hankaz gora jarrita, bertsio ofiziala garaitzea lortu da eta hau etorkizunera begira ekarpen oso garrantzitsua izango da. Oinarri faltsu hori desegiten gaurko bertsio ofiziala garaitzen delako ere. Zigorgabetasun ereduaren itzal luzangak frankismoa baino gehiago kutsatzen duelako, orain gutxi Auzitegi Nazionalean ikusi dugun bezala. Epaitutako gazte independentistek pairatutako torturak gezur direla esaten dutenak “Billy el niño” torturatzaile frankista Argentinan epaitzea ekiditu nahi duten berberak dira. Ez da kasualitatea, estoldetan sortutako demokrazia baten islada eta sinesgarritasunaren neurria baizik. Beraz, kereila internazionala honek azken hamarkadetan Euskal Herrian egondako gatazkaren jatorri eta ondorioen inguruan borroka ideologikorako argudio bateria galanta bihurtzen da.
Egun oroimen historikoak duen dimentsio politiko hau azaltzeko, garaipen txikiek sortzen dituzten baldintzei kasu egin behar zaie: Herriz herri ekitaldiz eta omenaldiz bete dituzten eragileen lana, erankundeetan ordezkari politikoen jarrera zehatzak… oroimenaren arlo honetan duela ez hainbeste ezinezkoa ematen zuena orain gauzatzea posiblea dela ikusi dugularik. Borroka memorialistan ikusi dugunaren harira, garaipen txiki bakoitzaren garrantzia mahaingaineratu nahi dut.
Azkenik, aurreko guztia osatzeko, politika hitza aldarrikatu nahi dut, politika zentzu guztietan: oinarrian egiten dugun herri politika hori eta erakundeetan egiten dena ere bai, biak beharrezkoak bezain bateragarriak direlako niretzat. Horregatik aitortu behar dut “politikari guztiak berdinak dira” esaldiak sutan jartzen nauela, normalean konpromiso eza justifikatzeko erabiltzen delako. Guztiok politikariak garela erantzutea gustatzen zait, guztiok Justizia Sozialaren aldeko subjetu aktibo etengabeak izan gaitezkeelako. Elkartasunean oinarritutako pertsona guztien berdintasuna bermatzen duen mundu berriaren aldeko subjetu aktiboak izan behar gara. Horretan, aldaketa txikiek duten garrantzia baloratu behar dugu, norberaren egunerokotasunean egin daitezkeenak barne. Perspektiba horrekin eremu guztietan iraultza txikiak sortuz, herri-ekimenak garatuz eta erakunde-lana indartuz, aurrera egingo dugu. Garaipen txikien handitasunari esker, aurrera goaz eta.