Iñaki Larrañaga. BERRIA Gasteiz
2006ko martxoaren 3ko manifestazioan atxilotutako pertsonak epailearen erabakiaren zain daude
Epaiketaren gakoa izan daitekeena azaldu da, orain arte ikusi gabeko bideo bat, alegia. Irudi eta soinu hauek zalantzan jarri dute liskarretan parte hartu zuten ertzainen bertsioa. Alde batetik, aste horretan zendu ziren bi euskal presoen argazkiak kentzeko agindua megafoniaz ez zela entzun erakusten du bideoak. Eta, bestetik, Josu Ormaetxea eta Andoni Txaskok ertzainek azaldutako bortizkeriarik ez zutela erabili. Orain, erabakia Arabako Lurralde Auzitegiko epailearen esku dago.
2006ko martxoaren 3an Gasteizen izandako manifestazioan liskarrak izan ziren. Urtero omentzen dituzte 1976an Espainiako Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoan tiroz hildako bost langileak. Orain dela hiru urte, manifestarietako batzuek Igor Angulo eta Roberto Sainz hil berri ziren euskal presoen argazkiak zeramatzaten. Ertzainek hura eragotzi nahi izan zuten, eta tentsio uneak izan ostean, borrak eta gomazko pilotak erabili zituzten. Orduan atxilotu zituzten Ormaetxea eta Txasko. Bientzat 18 eta 20 hilabeteko zigorrak eskatzen ditu fiskalak, hurrenez hurren. Agintariei eraso egitea, polizien aginduei men ez egitea eta ertzainak zauritzea leporatzen die. Hirugarren auzipetua, Aitor Fernandez de Ortega, manifestazio osteko liskarretan atxilotu zuten. Ertzainek hesiak gurutzatzea leporatu zioten. Fernandez de Ortegak ukatu egin du ekintza horiek egin izana. «Jendea izututa kalean behera korrika hasi zenez, nik ere hori egin nuen ertzainekin topo egin genuen arte», azaldu du. Hiruren abokatuek bideo froga azpimarratu dute; haien ustez, bideoak ertzainen bertsio osoa gezurtatzen duelako. Gainera, epaiketan lekuko izan diren ertzainek «kontraesanak» izan dituztela nabarmendu dute. Abokatuen ustez, egun hartan ertzainek «presio politikoa» izan zuten, eta horren ondorioz izan zuten manifestazioan «jarrera bortitza». Epaiketaren amaieran abokatuek hiru lagunen absoluzioa eskatu dute. Fiskalak, aldiz, bere hartan eutsi die akusazioei. Epaitegietaraino babestuta Auzipetuak Martxoak 3 elkarteko kideen eta ehunka herritarren babesa izan dute epaiketa hasi ere baino lehen. Zaramaga auzotik epaitegietaraino manifestazioa egin dute Errepresiorik ez. Atzo, gaur eta bihar: Egia eta justizia lelopean. Manifestazioaren ondoren, elkarretaratzea egin dute Justizia jauregiaren parean. Jasotako babesa eskertu dute auzipetuek. Horrez gain, Martxoak 3 elkarteko bozeramailea den Txaskok adierazi du «oraindik ere 1976ko sarraskiaren erantzuleak epailearen aurrean» ikusi nahi dituztela.