ARGIA (Zigor Olabarria Oleaga, 2025-03-10)
Hiru bideo dira (albiste barruan ikusgai). Batak jasotzen du, grebak antolatzea leporatuta, Carabanchelen espetxeratu zituzten Jesús Fernandez Naves, Imanol Olabarria eta Juanjo San Sebastián langileak espetxetik atera ziren unea, 1976ko abuztuan. Beste biak Martxoak 3ko sarraskiaren bigarren urteurreneko mobilizazioarenak dira, 1978koak. Erresuma Batuko British Pathé artxibo digitalean daude ikusgai, Euskal Herriari loturiko beste hainbat harribitxirekin batera, esaterako, Germán Rodríguezen eta Telesforo Monzónen funeralak, edo Burgosko Prozesuaren eta Lemoizko zentralaren aurkako mobilizazioak.
Iragan martxoaren 3an X sare sozialeko @VictorSegundoII erabiltzaileak Martxoaren 3ko sarraskien bigarren urteurreneko manifestazioen bideo irudiak zabaldu zituen bere kontuan. “Kaixo Victor, ez nuen ezagutzen bideo hau, zein da jatorrizko iturria?”, galdetu zion Jon Martínez Larrea historialariak eta Martxoak 3 elkarteko kolaboratzaileak.
British Pathé artxibo digitalean daude ikusgai bideoak, Euskal Herriari loturiko beste hamaika bideo historikorekin batera. Reuters agentziarenak dira grabazioak. Martínez Larreak Martxoak 3 elkarteko kideei helarazi zizkien bideoak. Elkarteko kideek ere ez zituzten irudiak ezagutzen. Elkarteak irudietako protagonista nagusiei helarazi dizkie bideoak, eta haiek ere ez zituzten ezagutzen. Harridura orokortua izan da.
Carabancheletik irten Gasteizen Poliziaren oldarraldia jasotzeko
Lehen bideoa 1976ko abuztukoa da, Madrilgo Carabanchel espetxe aurrean grabatutakoa. Espetxetik irten berri dira Jesús Fernández Naves, Imanol Olabarria eta Juanjo San Sebastian langileak. Lagunak, senideak, eta zenbait kazetari dituzte inguruan, besarkadak eta poz aurpegiak nagusitzen dira. Tarte batera, auto batean sartu eta espetxetik aldentzen dira.
Martxoaren 3aren aurretik eta ondoren langile asko atxilotu zituen Espainiako Poliziak, batzuk Arabako Langraizko espetxean sartu ere. Baina hiru horiei leporatu zieten ustezko deliturik larriena eta sedizioa egotzita Madrilera eraman zituzten. Naves eta Olabarria Martxoak 3ko sarraskiaren hurrengo egunetan atxilotu zituzten. Inkomunikazio aldia Madrilen pasa eta Carabancheleko espetxean sartu zituzten, baina ez modulu arrunt batean, adingabeentzako erreformatorio moduluan baizik, gainontzeko preso politikoek Gasteizko gertaren berri izatea ekidin asmoz. Akusazio berdinarekin eraman zuten Madrilera Emilio Alonso Pantera ere, baina inkomunikazio aldian libre utzi zuten, Olabarriak oroitzen duenez. San Sebastián bere kabuz aurkeztu zen epaitegian uztailaren hasieran, ezkutuan egon ostean. Olabarria eta Naves ez zekiten bertan zegoenik ere, eta adingabeen modulutik seigarrenera aldatu zituztenean bertan aurkitu zuten. Edonola dela, ez ziren epaiketa izatera iritsi ere: 1976ko uztailaren 10ean, Adolfo Suárezen gobernupean, errege lege-dekretua onartu zen (Amnistia Legea 1977an helduko zen), eta egun batzuen ondoren utzi zituzten libre hiru langileak.
Olabarriak ez zuen bideoa ezagutzen, ez zekien espetxetik irten zireneko irudirik zegoenik ere. Bideoa ikusi ostean, ARGIArekin oroitu ditu egun haiek: “Egunean bertan esan ziguten irtengo ginela, abuztuaren 5a zen. Irten, Carmenen [Jesúsen bikotea] gurasoen etxean bakailaoa afaldu, bertan lo egin, eta hurrengo goizean trena hartu genuen Gasteizera. Gasteizko geltokian jendea zegoen gure zain, Poliziak kargatu eta korrika alde egin behar izan genuen”. Korrikaldia ez zitzaien erraza suertatu, aste bete lehenago gose greba hasi baitzuten espetxean, preso sozialentako ere amnistia aldarrikatzeko: “Bosgarren galeriatik seigarrenera oharra bota ziguten COPELekoek harri batekin, protesta egin behar zutela eta ea guk [seigarren galerian zituzten pilatuta preso politikoak] elkartasunez ezer egingo genuen”.
Irudietan agertzen diren pertsonetako batzuk identifikatu dituzte ARGIArentzat Olabarriak, orduko eta gaurko bikotekide Bego Oleagaren laguntzarekin, Navesen alava Maite Fernándezek, bideoa amak eta anaiak ere ikusi ostean, eta Martxoak 3 elkarteko Julen Díaz de Argotek: Navesen emazte Carmen Landalucek familia zuen Madrilen eta han daude gurasoak eta anai-arreba zenbait, baita Olabarriaren lagun min eta ARGIAren kolaboratzaile historiko Juan Mari Arregi ere. Goio Martinez García barakaldarra ere ageri da, espetxetik egun berean atera zen ETAko kidea. Une batean prentsaren aurrean paratzen dira Gasteizko grebengatik espetxeratutako hiru langileak, erdian laugarren gizon bizardun bat dutela. Gizon hori Ventura Pérez Mariño da, preso politikoen abokatu eta zehazki Olabarriarena garai hartan. Pérez Mariñok Auzitegi Nazionalera egin zuen jauzi ondoren, eta Baltasar Garzónekin batera independente gisa PSOErekin diputatu izan zen Espainiako Kongresuan, besteak beste.
Bigarren urteurreneko manifestazioa
Martxoak 3 elkarteak eskuratu dituen beste bi bideoak 1978koak dira, 1976ko Martxoak 3ko sarraskia oroitzeko manifestazioarenak. Batean manifestazioaren irudi orokorrak ikus daitezke, bestean manifestarien lehen planoak, lore-sortak eskuan eta Internazionala abesten.
https://bideoak.argia.eus/videos/embed/131cd50c-e508-43c0-b54c-93a1f6e72e8f?title=0&warningTitle=0https://bideoak.argia.eus/videos/embed/66859246-90c1-49eb-a6e7-6f2292119db2?title=0&warningTitle=0
Hain zuzen, Internazionala abesten eta ukabila altxatuta ageri den gizona identifikatu dute Olabarriak eta Oleagak: Pako Lekuona, Aranzabal lantegiko langilea eta PCE Espainiako Alderdi Komunistako kidea, 2024an zendua. Kariñoz gogoratu dute laguna. 1976ko greba mugimenduan buru-belarri aritu zela adierazi dute biek, eta Olabarriak grebetatik urte batzuk pasata Lekuonak bere alderdiaren jarreraz aitortu ziona gogoratu du: “Aitortu zigun goitik grebak gelditzen saiatzeko agindua zutela”. Oroitzapen hori bigarren batekin lotu du: “Greben erdian, martxoaren 3aren aurretik, bilera batera deitu gintuzten ni, Jesús, eta hirugarren kide bat, ez dut gogoratzen nor. Ez genekien norekin bilduko ginen ere, hitzordua taberna batean zen. Mahaian geundela, tipo bat eseri zen gurekin. ‘Mikel Camio naiz, CCOO sindikatuko idazkari orokorra [Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan]’. Esan zigun grebak amaitu behar zirela, guk hori zertara zetorren galdetu genion”. Ordurako, Olabarriaren esanetan, PCE eta CCOOko buruak Trantsizioarekin erabat konprometituta zeuden, eta bere funtzioetako bat borroka herritarrak indargabetzea zen prozesuari egonkortasuna emateko.
“Oraindik asko dago ikertzeko”
Martxoak 3 elkarteak poz handiz hartu ditu irudi berriak, haientzako ere ezezagunak baitziren. “Oraindik asko dago ikertzeko eta aurkitzeko, irudi hauek dira horren froga”, adierazi du Julen Díaz de Argotek. Díaz de Argote da, hain zuzen ere, Gasteizko greba mugimenduaren inguruko testigantza eta objektuak jasotzen ari den elkarteko kidea. “Askotan pentsatzen dugu dena ikertua dagoela, baina ez da horrela”.
Historialaria da Díaz de Argote, eta 1976ko Gasteizko borroken bideoen garrantziaz gain, Erresuma Batuko artxiboko euskal funts osoaren balioa azpimarratu du. “Perla asko dago, une eta gertaera historiko oso esanguratsuetakoak”.
Beste hamaika harribitxi British Pathé artxiboan
British Pathé artxibo digitalaren bilatzailean “Basque” hitza sartuta, 293 bideo labur agertzen dira. Asko euskal gatazkarekin harremana dute, baina aniztasuna handia da.
Esaterako: pilota partida bat Ipar Euskal Herrian (1938); mobilizazioak Erresuma Batuan Burgosko epaiketaren aurka (1970); Askatasunaren Martxa (1977); Polizia herritarren aurka Gasteizen Aberri Egunean (1977); Germán Rodríguezen funerala (1978); tiroketa baten hildako ETAko bi militanteren eta polizia baten gorpuak Iruñean (1978); Lemoizko zentral nuklearraren aurkako manifestazioa (1980); Jesús María Leizaola erbestetik itzuli zen eguna (1979); Telesforo Monzonen hileta eguna (1981).