BERRIA.- Gaur eguerdian epaituko dituzte 2006an martxoaren 3ko biktimen omenez eginiko manifestazioan atxilotutako hiru pertsonak
Herrizaingo Saileko buru Rodolfo Aresi salaketak baztertzeko eskatu diote Gaur epaituko dituzte Arabako Lurralde Auzitegian 2006ko martxoaren 3ko manifestazioan atxilotutako hiru kideak. Urtero egiten da manifestazioa 1976an Espainiako Poliziak Gasteizen hil zituen bost langileak omentzeko, eta manifestazioan parte hartzen ari ziren atxilotuak. Manifestazioaren aurrean zeuden Josu Ormaetxeari, Andoni Txaskori eta Aitor Fernandez de Ortegari, hurrenez hurren, 18, 26 eta 30 hilabeteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete. Martxoak 3 elkarteko bozeramailea da Txasko.
Hasiera batean, Roberto Sainz eta Igor Angulo kartzelan hil berri ziren presoen argazkiak eramateagatik «terrorismoa gorestea» egotzi zieten hirurei. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak salaketa hura artxibatu egin zuen. Gaurko epaiketan «polizien aginduei men ez egitea eta autoritateari erasotzea» leporatzen diete.
Epaiketaren atarian hiru auzipetuek jasotako babesa eskertu dute. Elkartasun mezu asko heldu zaizkielako «pozik» daude, baina, era berean, epaileak hartuko duen erabakiaren zain «kezkatuta» daudela onartu dute. Ondoren, Martxoak 3 elkarteko kideek agiri bat irakurri dute. Bertan, Rodolfo Ares Herrizaingo Saileko buruari eskaera egin diote: «Batetik, salaketak bertan behera uztea, eta, bestetik, Ertzaintzak izan zuen jarrera erasokorrarengatik ardura polizial eta politikoak zuritzea».
Arabako Biltzar Nagusietan agiri horrekin bat egin dute Ezker Abertzaleak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak. LAB, ELA, EILAS eta ESK sindikatuek ere adierazpena berretsi dute.
Auzipetuek 1976ko martxoaren 3ko hildakoen omenezko eskulturaren parean egin dute agerraldia. Bertan azpimarratu dute Ertzaintzak manifestazioa eteteko zuen arrazoia, «terrorismoa goratzen» ari zirelako bertan behera utzi zuela Auzitegi Nazionalak. Ondorioz, Ertzaintzak izandako jarrera ezin dela zuritu uste dute. Are gehiago,ertzainen jarrera «martxoaren 3ko izpirituaren eta Gasteizko langileriaren aurkako eraso zuzena» izan zela dio Martxoak 3 elkarteak.
Auzipetuei egozten zaizkien delituak «faltsukeriaz betetako» Ertzaintzaren txostenetan oinarrituta daudela salatu dute. Martxoak 3 elkarteak Arartekoan salatu zuen ertzainek manifestazioan izandako jarrera: «Ez genuen inolako bortizkeriarik erabili. Ertzainak izan ziren abisurik eman gabe gure gainera bota, jo eta ostikatu gintuztenak». Arartekoak auzia konpontzeko informazioa eskatu zion orduan Herrizaingo Saileko buru zen Javier Balzari. Arartekoak, baina, ezin izan zituen gertakariak behar bezala aztertu. Herrizaingo Sailak «nahikoa informazio» ez ziela eman argudiatu zuen erakundeak.
Elkarretaratzea epaitegian
Martxoak 3 elkarteak auzipetuei elkartasuna adierazteko manifestazioa deitu du gaur goizerako. 11:00etan Zaramagan San Frantzisko eliza ataritik epaitegietaraino egingo dute manifestazioa. Behin epaiketa hasten denean, 12:30 inguruan, ELA, LAB, EILAS eta ESK sindikatuek elkarretaratzera deitu dute Justizia Jauregiaren parean.