Lanak 2026ko urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Bernardo Atxagak, Amparo Lasherasek eta Juan Ibarrondok osatuko dute epaimahaia gaztelaniazko bertsioan, eta Katixa Agirrek, Iban Zalduak eta Aitor Oñatek euskarazko bertsioan.
Imajinatzea boterea da, beste mundu posible batzuk irudikatzeko gaitasuna galtzen badugu nekez aldatuko dugu bizi duguna. Hori dela eta, Martxoak 3 elkarteak «1976ko Martxoak 3. M3MORIA LERROAK» literatura lehiaketa deitu du.
Lehiaketaren helburua martxoaren 3ko sarraskia eta bere testuingurua literatura-sorkuntzatik herritarrengana hurbiltzea da, eta kontakizun literariotik kontaketa horretan herritarren parte-hartzea sustatzea.
«Gauzak, izan ziren bezalakoak izan ziren, baina egia da beste era batekoak izan zitezkeela…. nola imajinatzen duzu? nola kontatuko zenuke bost hamarkada geroago?», hori da gaur Martxoak 3 elkarteak lehiaketaren aurkezpenean egin duen galdera.
Kontakizunek 5 eta 10 orrialde artean izan beharko dituzte, eta gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dira, bat hizkuntza bakoitzean. 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du. Lan guztiak originalak eta argitaragabeak izango dira.
Gaztelaniazko bertsioan, epaimahaia Bernardo Atxagak, Amparo Lasherasek eta Juan Ibarrondok osatuko dute. Katixa Agirre, Iban Zaldua eta Aitor Oñate izango dira euskarazko bertsioan. Lehen saria euskaraz eta gaztelaniaz jasotzen dutenek 1.000 euro jasoko dituzte. Epaimahaiak, saritutako lanez gain, beste bi lan aukeratuko ditu (bi euskaraz eta bi gaztelaniaz). Horrela, baloraziorik onena jaso duten 6 testuak (hiru euskaraz eta hiru gaztelaniaz) liburu batean argitaratuko dira, idazle profesionalek elkartasunez emandako beste kontakizun batzuekin batera.
Ebazpena apirilean argitaratuko da eta sariak ekitaldi publiko batean banatuko dira.









