Martxoak 3 elkarteak eskerrak eman ditu Gasteizko sarraskiaren 46. urteurrenean egindako manifestazio jendetsuan jasotako babesagatik. Era berean, eragile politiko eta sozialei dei egiten die Espainiako inpunitate ereduaren aurka fronte guztietan eta eraginkortasunez lan egiten jarraitzeko. Neurriak eskatu ditu Arabako erakundeetan eta Madrilgo Kongresuan sarraskia argitzeko eta dokumentuak desklasifikatzeko.
Ahanzturaren aurkako hamarkadetako borrokaren ondoren, ez dago zalantzarik gaur egun Gasteizen eta Euskal Herrian adostasun handia dagoela Martxoaren 3ko Memoriaren eta biktimen eskubideen aldarrikapenaren inguruan. Hala ere, 46 urte geroago, krimen horiek ez dira epaitu ez eta argitu. Ordezkari politiko, sozial eta instituzional gehienek poliziak egindako sarraskiaren biktimak omentzeko eta oroitzeko ekitaldietan parte hartu dute aurten. Adostasun zabal hori ez da beti horrela izan. Egoera berri hau, Espainiako inpunitate ereduak ezarritako kontakizun ofizialaren aurrean zailtasun, oztopo eta errepresioaren gainetik salaketa bizirik mantendu duten pertsona eta kolektibo guztien lorpena da.
Aurten jasotako babes guztia eskertzen da. Baina asko dira abian jartzeko zain dauden ekimenak. Ez dirudi oso koherentea biktimak omentzea eta, aldi berean, zigorgabetasunaren amaiera bultzatzen duten ekimenetan parte ez hartzea edo injustiziarekin amaitzeko ibilbide judizial berriak blokeatzea. Hori dela eta, loreetatik ekintzetara pasatzeko deia egiten dugu: instituzioetan abian jartzeko zain jarraitzen dugun frankismoaren krimenen aurkako Arabako kereilan, Servini epailearen autoaren aldeko adierazpenetan, oraindik izapidetzen ari diren Memoriaren legeen edukietan, Rodolfo Martin Villaren papera eta hura babesten duen aparatu politiko-judizial guztia agerian uzteko ekimenetan…
Duela hilabete pasatxo, Madrilgo Kongresuko Mahaiak uko egin zion Rodolfo Martín Villaren agerraldi-eskaerari. Horretan, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen edo 1978ko uztailaren 8an Iruñean izandako gertakarien erantzule politiko edo penala izan zitekeela egindako adierazpenak argitzea eskatzen zen. Ezezkoaren arrazoia Martin Villa egun ez zela Gobernuaren parte izan zen, baina horretaz gain, egun ez zegoela erantzun zezakeen Ikerketa Batzorderik argudiatu zen.
Martxoak 3 Elkarteak derrigorrezkotzat jotzen du Madrilgo Diputatuen Kongresuan beharrezko mekanismoak sortzea, gertakarien berri ematen duten testigantzak jasotzeko eta, horrela, sarraskiaren errealitatea jasoko duen txosten bat egin eta botere-karguak zituztenen erantzukizun politikoa argitu.
Ziur da horri buruzko informazioa desklasifikatu egin beharko dela, eta bizirik dauden pertsonak ere badaudela, hala nola Martin Villa, garai hartan Sindikatu Harremanen ministroa zena, edo Jesús Quintana Saracibar, Gasteizen Polizia Armatuaren buru zen kapitaina ekintza kriminala gauzatu zenean, beste hainbat pertsonaz gain, lekukotasun baliotsuak eman ditzaketenak.
Ezinbestekoa da egia ezagutzea eta erantzukizun politikoak eta penalak ezartzea. Politikoak Kongresua bezalako instantzia politikoetan zehaztu daitezke. Penalak justizia-auzitegiek ezarri beharko dituzte, eta horretan ere lanean jarraituko dugu. M3MORIA daukagu eta Egia, Justizia eta Erreparazioa eskatzen ditugu. Bidea egiten jarraituko dugu eta indarberrituta egingo dugu, urtez urte Gasteizko herriak ematen digun babesari esker. Inpunitatearen aurkako borrokak aurrera jarraitzen du, loreetatik ekintzetara pasa gaitezen.