2.905 LAGUN IZAN DIRA M3 ELKARTEAK AURTEN ANTOLATUTAKO JARDUERETAN
Martxoak 3 elkartearen 25. urtemugarekin batera (1999-2024), San Frantzisko elizan sortuko den Memoria Gunearen oinarri izango diren materialak dokumentatzeko talde teknikoa martxan jarriko da; artxiboak ikertzeko eta Gasteizko sarraskiaren memoria-ondarea berreskuratzeko eta babesteko helburuarekin.
Lantalde horrek Gogora Institutuarekin lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren ekingo dio bere jarduerari. Aurreikuspenak betetzen badira, 2024ko lehen asteetan abian jarriko da, bi urteko atzerapenarekin.
2023a urte garrantzitsua izan da martxoaren 3ko memoria zabaltzeko eta 1976an poliziak eragindako sarraskia salatzeko. Aurten, Martxoak 3 elkarteak antolatutako jardueretan parte hartzeari buruzko aurreko erregistro guztiak gainditu dira.

Datu horien artean, nabarmentzekoa da Zaramaga auzoan egin diren bisita gidatuen kopurua, guztira 67 izan baitira 12 hilabetean. Horietako gehienak Gasteizko ikastetxeekin izan dira, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotatik ere iritsi dira elkarteak, partikularren taldeak eta baita Alemania, Irlanda, Italia eta Portugalgo kolektiboen nazioarteko ordezkaritzak ere.
Gainerako jarduerei dagokienez, Martxoak 3 elkarteak 2023an egindako 25 hitzaldi zenbatu ditu. Horietako zazpi Legazpin (Gipuzkoa) egin dira, «Gasteiz 1976: Grebatik Sarraskira» erakusketaren inguruan. Erakusketa hori Legazpin egon zen, otsailean eta martxoan. Handik herriko ikasle taldeak igaro ziren, baita inguruko eragile sozial eta sindikalak ere.












Bestalde, 2023an, Martxoak 3 elkarteko eta Memoria Gara ekimeneko ordezkaritzek hainbat jardueratan parte hartu dute Argentinan, Txilen eta Uruguain; Gasteizko elkartekideek hango memoria guneak ezagutzeko aukera izan dute. Horretaz gain, hitzaldi hauek balio izan dute Martxoaren 3ko borroka leku enblematiko horietan ezagutarazteko eta Estatu-terrorismoak markatutako eraikinetan horrelako zentroak eraikitzeko esperientziak partekatzeko.
Hain zuzen ere, Martxoak 3 elkartearen egungo erronketako bat San Frantzisko elizan Memoria Gune bat eraikitzea da. Elkartea hainbat ikertzailerekin harremanetan jarri da jadanik, martxoaren 3ko memoria-ondarea berreskuratzeko eta babesteko lanak egingo dituen talde tekniko bat osatzeko, baita artxiboak dokumentuz husteko ere. Lantalde horrek Gogora Institutuarekin lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren hasiko du bere jarduera. Aurreikuspenak betetzen badira, 2024ko lehen asteetan jarriko da martxan, bi urteko atzerapenarekin.
2023an hil dira Faustina Chaparro eta Diego Aznar; 1976an poliak eraildako Romualdo Barroso Chaparro eta Francisco Aznar Clementeren ama eta aita, hurrenez hurren. Zoritxarrez, ez dira azken urteotan joan zaizkigun martxoaren 3ko protagonista zuzen bakarrak. Denborak gure kontra jokatzen du. Horregatik, premiazkoa da martxoaren 3ko memoria-ondare osoa dokumentatzeko lehentasunak eta metodologiak ezartzea.


2024an Martxoak 3 elkarteak 25 urte beteko ditu. Ez da egutegian laster agertuko den urteurren biribil bakarra. Zaramagako Estatu krimenaren 50. urteurrena bakarrik bi urte barru izango da. Mende erdiko mugarri gero eta hurbilagoak hausnarketa partekatua merezi du, proiektua bultzatzeko konpromisoa hartu zuten erakundeen eta hamarkadetan memoria bizirik mantendu duten gizarte-eragileen artean. Denbora luzeegian prozesua geldituta izan ondoren, 2024ak benetako aurrerapenen urtea izan behar du langileen sarraskiaren eszenatoki izan zen elizan Memoriaren Gunea sortzeko.