Oihana Goirienak eta Martxoak 3 elkartekoek piztu dituzte sirenak, bonbardaketaren 86. urtemugan. 15:45tan, 4 minutuko ekitaldian hunkituta piztu dituzte sirenak Pablo Gonzalezen emazteak Astran, Lobak elkartearen eskutik eta Gasteiztik bertaratutako Martxoak 3 elkarteko kideek Pasealekuan Gernika Batzordearekin batera:
.
Gerra guztietan, “bonbekin eta errepresioagaz” lurperatzen da egia, eta gizarte oso bat “itsu, gor eta mutu” geratzen da, bertsio ofizialen morroi. Gernikako Lobek diotenez, Gernikako bonbardaketak erakutsi zien “egia lurperatu osteko isiltasuna zigor gehigarri bat” izan zela, eta, gogoratu dute, horri aurre egiteko tresna izan zela kazetaritza profesionala. “Gernikan gertatutakoaren egia lurpetik atera eta lau haizetara zabaldu zuena izan zen kazetaritza progesionala. Gernikarrok asko zor diogu George Steer kazetariari eta berak bezala, gertatutakoaren berri eman zuten kazetariei”.
Hala, aurton, gatazka armatuen berri ematen ari diren kazetariak omendu, prentsa askatasuna aldarrikatu, eta askatasun horren urraketa oro salatu gura izan dute. Horretarako, Oihana Goiriena Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekideak aktibatu du Astrako sirena zaharra, 4 minutu ekitaldian.
“Gerra momentuetan kazetariak zein garrantzitsuak diren gogoratzea da, halako gertakariak daudenean, euren lekukotasuna emateko, eta memoria historikoari buruz berba egiten gabiltzan honetan, ze garrantzitsua den memoria hori jasoko duten pertsonak, kazetariak, profesionalak hor egotea”, adierazi du Goirienak. Hunkituta agertu da: “Momentu oso hunkigarria da, hamalau hilabete daramatza preso, eta hilabete hauetan gauza pila bat egitea tokatu zait, eta, bera bisitatu ostean, hau da momentu hunkigarrienetako bat”.
2022ko otsailaren hasieran, Errusian jaiotako nabarniztar hau Ukrainako gerra estaltzen zebilela, bertako zerbitzu sekretuek galdeketa egin zioten. Errusiako gobernuarentzat espioitza lanak egitea egotzi zioten eta Ukrainatik Euskal Herrira bueltatzeko eskatu zioten. Hala egin zuen, baina otsailaren amaieran, kazetari senak gidatuta, Poloniara joan zen, bertara iritsitako errefuxiatuen krisiaren berri ematera”, gogoratu dute Lobek. Poloniako zerbitzu sekretuek atxilotu egin zuten, eta bertako espetxe batean dago orduz geroztik, inkomunikatuta.
Gernikatik, “prentsa askatasunaren urraketa larri hori” salatu dute Lobek, eta euren “babes osoa” eman zioten Paveli, baita gerretako mina argitara ematen diharduten kazetari guztiei ere.
Martxoak 3 Elkartea. Bestalde, Gernika Batzordeak Martxoaren 3 Elkartea aukeratu du aurten Pasealekuko sirena pizteko. Lander Garcia Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kideak esan du elkartearentzat “ohore” bat dela sirena piztea, baina “ardura” baita ere: “Sirena pizteak irudikatzen du, nolabait, bonbardaketaren biktimak oroitzea, eta baita ere faxismoaren, diktaduraren eta injustizien biktima guztiak oroitzea”.
“Hunkituta” piztu dute sirena, kideak txandakatuz: “Azken urteetan jende asko egon gara borroka honetan, eta orain fruitu asko heltzen ari dira. Fruitu txiki horiek guztiak badira urte luzez eta oztopo guztien gainetik lan egin duten guztiei esker, eta asko ez dira heldu fruitu horiek ikustera. Horiengatik guztiengatik gaude hemen, eta aurrera egin beharra daukagu”.
Garciak esan du “pozik” hartu dutela Gernika Batzordearen gonbidapena. Azken urteetan, Euskal Herrian, memoria eragile desberdinen arteko harremana egin dela dio Garciak. Martxoak 3 elkartearen eta Gernika Batzordearen artean harremana sortu bai, eta, gainera, ikuspegi bateratua daukatela dio: “Euskal Herrian memoria nola landu behar den berdin ikusten dugu, tresna eraikitzaile eta eraldatzaile modura hartzen dugulako memoria, oraina eta etorkizuna eraikitzeko”.
Gernikako bonbardaketak eta Martxoak 3 elkarteko borrokak irudikatzen duen sarraskiaren salaketak frankismoaren hasiera eta amaiera batzen dutela adierazi du Garciak: “Memoria guretzat ez da gertatu dena, baizik eta gertatu denaren irakurketa aktibo eta militantea, baita ere azken urteetan zer egin den eta zer ez den egin. Horretarako elkarlanerako borondatea badaukagu”.
Gernika Batzorde eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren izenean Sabin Ibazetak eskerrak eman dizkie Martxoak 3 elkarteko kideei. “Batzuetan urrutira joaten dira liluraren bila, eta lilura askotan herrian bertan edo herritik oso hurbil egoten da”, esan du Ibazetak. Hala, orain arte Martxoak 3 elkarteak egindako lana azpimarratu du, txalogarria dela esanez: “Beti pentsatu dugu merezi zutela hemen gurekin egotea momentu honetan”.
Busturialdeko Hitza (2023/04/26)