2006ko martxoaren 3ko liskar guztien «erantzukizun politikoa» Javier Balzari egotzi diote hiru kideek
Iñaki Larrañaga. BERRIA -Gasteiz
Herrizaingo Sailaren aurkako salaketa jarri ala ez aztertzen ari direla iragarri dute Gasteizen martxoaren 3ko manifestazioan atxilotu zituzten hiru kideek. Ertzainak 2006ko manifestazioan izandako jarreraren atzean, «arrazoi politikoak» izan zirela uste dute orain dela bi aste epaitu zituzten hiru lagunek. «Erantzukizun politikoak argitu eta atxiloketaren unean jasandako zauri larriak eta epaiketa prozesuaren gastu ekonomiko handiak» direla-eta ari dira salaketa jarri ala ez aztertzen.Neurri hori martxoaren 3ko epaiaren inguruko iritzia plazaratzearekin batera iragarri dute. Andoni Txasko eta Josu Ormaetxea errugabe jo zituen Arabako Lurralde Auzitegiak ostiralean kaleratu zuen sententziak. Horregatik, «pozik» daudela jakinarazi dute auzipetuek. Hala ere, Aitor Fernandez de Ortegari 14 hilabeteko espetxe zigorra -Fiskalak 30 eskatu zituen- eta isun ekonomikoa ezarri izana ez zaiela «gustatu» aitortu dute.
Sententzia aztertu ondoren, Txaskoren eta Ormaetxearen errugabetasuna «argi gelditu» dela azaldu du Martxoak 3 elkarteko idazkari Santiago Diaz de Espadak. 2006ko manifestazio hartan, ertzainak hainbat laguni oldartu zitzaizkien hil berri ziren bi euskal presoen argazkiak kentzeko. Epaiketan aurkeztu zen bideoak frogatu zuen Ertzaintzak ez zuela argazkiak kentzeko inolako abisurik eman, eta, hortaz, ertzainen ekintza «lekuz kanpo» zegoela. Abisurik eman ez zenez, ertzainek «babes juridiko» gabe jokatu zutela erabaki zuen epaileak. Ondorioz, bi auzipetuen aurkako salaketak bertan behera utzi zituen.
Epaia jakin eta berehala, egun horretako istiluen «erantzukizun politikoa» 2006an Herrizaingo Saileko buru zen Javier Balzari egotzi diote. «Presoen argazkiak eramatea ez badute delitutzat jo eta manifestazioaren aurretik liskarrik izan ez bazen, nork agindu zuen pilotazko gomez tirokatzea?». Egun Herrizaingo Saileko buru den Rodolfo Aresi ere «gehiago egin ez izana» leporatu diote. Epaiketaren atarian salaketak bertan behera uzteko eskaria luzatu zioten Aresi.
Bideoa izan da gakoa
Bideoari esker Ormaetxeak eta Txaskok ez dute zigorrik izan. Manifestazio ostean atxilotu zuten Fernandez de Ortegak, ordea, ezin izan du bere errugabetasuna frogatu. Ertzainen arabera, hesiak gurutzatu eta atxilotze unean poliziak jo zituen. Hark aldiz ukatu egin du horrelakorik egin izana. «Nire hitzaren eta haienaren artean dago kontua, besterik ez». Ertzainen argitze-agiriaren eta lekukotzen arteko «kontraesanak» nabarmendu zituen epaiketan haren abokatuak.
Hala ere, ertzainen bertsioa ontzat jo eta «desordena publikoa, ertzainak zauritu eta iraintzea eta erresistentzia» egin izanagatik zigortu du epaileak. Beste auzipetuek Fernandez de Ortega errugabe dela berretsi dute: «Bideoak Txasko eta Ormaetxea zigor gabe utzi ditu. Fernandez de Ortegak ere bideoa izan balu, hura ere errugabe joko zuten».