2021eko otsailean, erakundeek ustekabean harrapatu gintuzten asmoen protokolo bat sinatuz. Protokolo horren bidez, 1976ko martxoaren 3an poliziak sarraskitutako langile asanbladaren lekuan, San Frantzisko Asiskoaren elizan, Memoriagunea sortzeko prozesua abian jartzeko konpromisoa hartu zuten. Orduan, gure aldetik eta 2018an kanpaina hasi zuen Memoria Gara ekimenaren aldetik, urrats hori agurtu genuen, baina ia mende erdiz martxoaren 3ko memoria bizirik mantendu duten herri eragileen parte-hartze eraginkorra izateko beharra mahaigaineratu genuen ere bai. Hiru urte igaro behar izan dira, azkenean, benetako lehen aurrerapena ikusteko, Fundazioa sortu da eta Gogora Institutuarekin adostutako hitzarmena sinatu dugu. Hitzarmen hau ezinbestekoa da koordinazio, aholkularitza eta partaidetza esparru egonkor bat bermatzeko. Martxoak 3 elkartea prest dago Memoriagunea sortzeko prozesuan parte hartzeko eta aholkatzeko. Hauek dira etapa berri honetarako izendatutako ordezkariak:
- NEREA MARTINEZ ARANBURUZABALA eta ARTURO VAL DEL OLMO izango dira elkartearen ordezkariak Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioaren patronatuan. Nerea Gasteizko sarraskian hildako bost lagunetako baten iloba da, eta Arturo borroka-prozesu hartako protagonista zuzenetako bat da, langileen asanbladek aukeratutako Ordezkaritza Batzordeen Koordinakundeko kide gisa.
- JULEN DIAZ DE ARGOTE izango da Memoriagunearen diseinuari eta edukiei buruzko proiektua garatuko duen lantaldearen arduraduna. Ondarearen Kudeaketa Integraleko masterra duen historialaria da, Memoria Gara elkartearen presidentea, eta duela 7 urtetik Zaramagan martxoaren 3ko memoriari buruz egiten diren bisita gidatuen koordinatzailea ere bada.
Azterketa topografikoa, esku-hartze arkeologikoa eta sarraskiaren markak babestea
Fase berri honetan, hurrengo mugarri garrantzitsua Memoriagunea eraikitzeko lehiaketaren oinarriak dira. Erakundeen azken zirriborroa eskatu dugu, dokumentu horren edukietan aholkua emateko, hitzarmenak agintzen duen bezala. Denbora guzti honetan sortutako mesfidantzak gainditzeko benetako koordinazioa aktibatu behar da. Gogora Institutuarekin bilduko gara metodologia, lan helburuak eta kronograma partekatu bat ezartzeko. Elkartearen kezketako bat elizan dauden sarraskiaren aztarnak babestea da. Eraikina inguratzen duen arbelezko teilatuan dauden bala markak, baita beirateetan daudenak ere, katalogatu, babestu eta mantendu behar dira, Estatu krimenaren frogak direlako. Elizan egingo den birmoldaketan, kontuan hartu beharreko aztarnak dira. Marka horiek identifikatzen eta zaintzen dituen azterketa topografikoaz gain, garrantzitsua da 1976an zegoen lubakian esku-hartze arkeologiko bat egitea. Eraikina inguratzen, metro erdiko sakonera zuen eta geroago estalitako espazio horretan, baliteke hilketaren egunean eroritako kristalak, bala-zorroak eta era guztietako objektuak lurperatuta geratu izana.
Martxoak 3 elkartearen ondare materialaren inbentarioa eta dohaintzen protokoloa
Badugu proposamen bat aurten egin beharreko zereginekin. Lehenengo helburua Martxoak 3 elkartea osatzen duten pertsonen ondare materialaren inbentarioa egitea da. 1976ko grebei lotutako zenbat objektu ditugun jakin nahi dugu, baita sarraskiaren testuinguruari eta haren aurrekariei lotutakoak ere, baita martxoaren 3ko memoriarekin lotutako ondorengo urteetako adierazpen material guztiei lotutakoak ere: Poliziaren munizioa, kaleko eta laneko arropa, erremintak, nominak, bidaia-txartelak, maletak, kaseteak, diskoak, grabazioak, erosketa-poltsak, koadroak, kartelak, argazkiak, pegatinak, aldizkariak, prentsa-ebakinak, eskuorriak, dokumentazioa, etab. Garrantzitsua da daukagun ondare materiala ezagutzea, Memoriaguneari edukia eman ahal izateko. Horretarako, dohaintzen protokolo bat ezarriko dugu, nazioarteko metodologietan eta esperientzietan oinarrituta, Txileko Santiagoko Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoan erabilitakoa bezala. Elkartekideekin hasiko gara, ondoren ekimen honetan parte hartu nahi duten guztiei zabaldu ahal izateko.