Datorren 2026ko martxoaren 3an 50 urte beteko dira Polizia Armatuak langileen asanblada bat Gasteizko San Frantzisko elizan erasotu zuenetik. Sarraski honek bost eraildako eta ehun bat zauritu eragin zituen. Ondoren, Gasteizko langileen sarraskia salatzeko deitutako manifestazio solidarioetan, poliziak beste bi pertsona erail zituen Tarragonan eta Basaurin.
Ordutik, martxoaren 3ko biktimok bost hamarkada daramatzagu egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen. Nahiz eta azken urteotan erakundeek aitortza pausu batzuk eman dituzten, Gasteizko herria da martxoaren 3ko memoria azken 50 urteetan bizirik mantendu duena.
Eta memoria-lan horretan oso garrantzitsua izan da ez bakarrik mugimendu herrikoi, sozial eta sindikalen lana, baita kulturatik diziplina guztietan egin den ekarpena ere: literatura, poesia, musika, arte plastikoak…
Sarraskitik 50 urte beteko diren honetan, Martxoak 3 elkarteak programa oso bat prestatu du, hainbat jarduerekin, orain hasi eta ia urtebetez luzatuko dena.
50. urteurren honetarako logo berri bat dugu. Irudia klandestinitatean jarri zen monolitoan inspiratuta dago eta euskal hilarri tradizionalaren itxura du. Honek, 50 urte geroago zauriak irekita jarraitzen duela gogoratzen digu.
Datozen hilabeteetan literatura, zinema, musika eta beste diziplina artistiko batzuk erabiliko ditugu oroimena eta giza eskubideak hainbat ikuspuntutik lantzeko.
Gasteizko Udalak egindako kontratuaren oinarrietan jasotzen den bezala, datozen egunetan aurkeztuko den literatura lehiaketa bat izango dugu, apirilean egingo den langile zinemaren ziklo bat eta otsailaren 28an Europa Jauregian egingo den ekitaldi bat. Martxoak 3 elkarteak ekitaldi propioa antolatzen duen lehen aldia izango da.
Gainera, Borinquen Martinez eta Miren Rodrigo bigarren hezkuntzako irakasleek landutako unitate didaktiko berria aurkeztu dugu, 2014an egindakoa eguneratzera datorrena.
Munduko hainbat lekutatik datozen memoria-euskarriei buruz urtarrilean inauguratuko den erakusketa bat ere antolatzen ari gara. Otsailean desinformazioari buruzko jardunaldi batzuk ere izango dira, 1976an kontatutakora eta egin diren kontaketetara hurbilduko gaituzte jardunaldi horiek. Aurretik, film labur berri bat estreinatuko dugu, dagoeneko grabatuta dagoena eta editatzen ari dena.
Ahal den neurrian, Asisko San Frantzisko eliza bisitatuko dugu. Izan ere, Gasteizen egin den Arkitektura Biurtekoaren esparruan, Peña Gantxegi Fundazioaren bisita bat genuen aurreikusita, baina ezin izan da egin, begien bistako arrazoiengatik. 2026an zehar egin ahal izatea espero dugu.
Jarduera hauek eta oraindik aurreratu ezin ditugun beste batzuk Gasteizko hainbat kultur eragileekin eta hirian ekimen ugari antolatzen dituzten elkarteekin elkarlanean antolatuko dira. Eskerrak eman nahi dizkiegu euren laguntzagatik. Horiek gabe, orain eta aurreko hamarkadetan ezinezkoa zatekeen oroimena bizirik mantentzea.
1976 – M3 – 2026
M3MORIA, HERRIAREN INDARRA






