Martxoaren 3ko Memoriala sortzeko egiten ari diren lanen esparruan, 70 elkarrizketa baino gehiago egin dira. Horretaz gain, 100 liburu baino gehiago, 60 aldizkari eta biktimen eta haien senideen ondare materiala inbentariatu dira.
Martxoak 3 elkarteak zazpi zauritu berri aurkitu ditu 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren ondoriozkoak, orain arte identifikatu gabe zeudenak. Gogora Institutuarekin 2024ko otsailean sinatutako hitzarmenaren esparruan egin du. Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren elizak hartu behar duen martxoaren 3ko Memorialaren sorreran koordinazio-, aholkularitza- eta partaidetza-lanak egiteko sinatu zen akordio hori eta hitzarmen horren ondorioz, martxoaren 3an gertatutakoa ulertzen lagunduko duten 100 liburu baino gehiago, 60 bat aldizkari eta ondare materiala inbentariatu dira.
Julen Diaz de Argotek, memorialaren diseinu eta edukiei ekarpenak egiteko materiala jasotzen ari den lan taldearen arduradunak, eta Nerea Martinez Aranburuzabalak, Martxoaren 3ko Elkartearen bozeramaileak, azaldu dituzte gaur dira ikerketa-lan horren emaitzak. Gogorarazi dutenez, zauritutako 20 bat pertsonekin ez dute lortu oraindik kontaktuan jartzea. Horregatik, elkartearekin harremanetan jartzeko deia egin diete pertsona horiei edo haien senideei.
Orain aurkitu dituzten zazpi pertsonen artean, Manuel Pizarroren kasua nabarmendu nahi izan dute. Langile hori zauritu zuten belaunean martxoaren 3an, eta berriki hil da, inolako aitortza ofizialik izan gabe. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote leihatila bat jartzeko, errekonozimendurik jaso ez duten biktima horiek oraindik eskatu ahal izan dezaten.
Otsailetik, 70 elkarrizketa baino gehiago egin dira, eta Gasteizko grebei eta sarraskiari lotutako ondare materiala biltzen hasi dira. Egun hartako sarraskia erakusten duten objektuak dira, hala nola zaurituetako batetik ateratako bala bat, tiroen markak, gomazko pilotak, ke-poteak… Horrekin batera, 1976ko greba-prozesua eta ondorengo errepresioa ulertzen lagunduko duten batzarren eta dokumentazio judizialaren 200 orrialde baino gehiago ere bildu dira.
Oraindik lan asko dago egiteko. Egia osoa jakin ahal izateko artxiboetarako sarbidea funtsezkoa izango da. Ildo horretan, oraindik informazio sailkatua duten artxiboetara sartzea eskatu dute, hala nola Alcalá de Henareseko Artxibo Nagusi Zentralera edo Ferrolgo Ipar-mendebaldeko Bitarteko Artxibo Militarrera.
Martxoak 3 elkarteak azken zortzi hilabeteetan egindako lana balioan jarri du, eta aurreratu du, Gogora Institutuarekin bat etorriz, hitzarmen hori 2025ean luzatuko dela, proiektu horrek «denbora, baliabideak eta biktimen eta talde memorialisten ezinbesteko parte-hartzea» behar dituelako.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 24a