Duela hogeita hamaika urte, langile klase gazte eta eskuzabal bat kalera irten zen, lan baldintzen alde borrokatzera eta beren duintasuna defendatzera, eta jada gain behera zegoen aparatu frankistaren tramankuluarekin talka egin zuen buruz buru; patronala ezin hobeto zerbitzatu zuen harexek, Araban metatuz lehenbailehen garaiko kapitalik handiena.Zenbaitzuek betikotu nahi zuten erregimenik frankistenaren adierazgarri zen aldamio zaharkitu hura, baina, hondatuta eta txiki-txiki eginda geratu zen langile klasearen bulkadari esker. Langile-klase gazte hark, izan ere, bizi eta lan baldintzak hobetzeko ahaleginean saiatu nahirik, sindikatu frankisten traste zaharrekin behaztopa egin zuen: alde batetik, gobernu aginpide diktatorialarekin, multinazional ahalguztidunaren mende baitzegoen; eta, beste aldetik, askatasunik ez erabatekoarekin, langileen irrikarik oinarrizkoenak zapuzten baitzituen.
Martxoaren 3a erreferentziazko data bilakatzen ari da Euskal Herri osoko langile klasearentzat. Betiere ardatz bereizgarri batzuek izan dituen data, hain zuzen ere.
Oraindik zigorgabe jarraitzen duten gertakari batzuk salatzen ditu martxoaren 3ak. Estatuak aintzatetsi du orduko sarraski hura ekintza zinez terrorista izan zela, boterearen estoldetatik eta mailarik gorenetatik berariaz antolaturikoa. Demokratikotzat jotzen den estatu batek, gutxienez, barnera begiratu eta errudun aitortu behar du bere burua hala Gasteizko gertakari haietan nola trantsizio deitzen den garaian gertatu ziren hainbat gerra zikin eta errepresio kasu bortitz eta lotsagarrietan.
Jendearen mobilizazio etengabearen eraginez –langile klasea baitzuten buru– antzinako erregimeneko hainbat elite ekonomiko zein politiko eta borroka antifrankista susmagarri bateko beste hainbat elementu –herriaren borrokari traizio egin baitzioten– posizioa hartuz joan ziren, beste besarkaldi bat prestatzeko asmoz, herritarren interesez haraindira. Ahalik eta gutxien aldatu eta boterea atxikitzea zuten helburu zenbaitzuek. Alfonbra zanpatzea eta besaulkian eroso esertzea beste batzuek. Funtsean, lehendik ezarritako ordena ekonomiko eta politikoak beren hartan iraungo zuten.
Joan deneko hogeita hamar urtean, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak behar bezala salatu izan ditu, bateko zein besteko gobernu eta administrazioen manipulazioa, ahanztura eta aintzatespenik eza, errudunei dagokienez. Gaur egun beharrezkoa iruditzen zaigu nabarmentzea hogeita hamar urteotan enpresek ez dutela inolako jarrerarik agertu hilketa haien aurka. Ez kondena gisako adierazpenik, ez eta elkartasunezkorik ere. Eta ez da ahaztekoa enpresariak eta patronalak eragile aktiboak izan zirela Arabako langile klasearen aurkako errepresioan.
Oraindik baliozkoa eta behar-beharrezkoa da pertsonen duintasuna eta gizakieko begirunea berreskuratzearen aldeko borroka, besteak beste, ekoizpen, gizarte eta politika alorreko harremanetan. Gaur egun, hogeita hamar urteren buruan, enpresetako ekoizpen eta lan harremanak mendetasunezko harremanak dira, botere harreman azpiratzaileak, langileak gizakitzat baliogabetzen dituenak; izan ere, egiten duten lan indarraren arabera epaitzen ditu kapitalak, beste merkantzia bat balira bezala, baliorik gutxienekoak askotan, eta aiseen bazter utz daitezkeenak.
Lan baldintzen andeatzea nabarmena da, batik bat hainbat ekoizpen sektoretan, metalgintzan, merkataritzan, edota zerbitzuen sektorean. Eta, guztietan ere, ezaugarri bat ageri da: lan prekarietateaz eta iruzurrezko lan kontratu behin-behinekoez baliatzen dela patronala bere aginpidearen oinarriak sendotzeko. Neska-mutil gazteak, emakumezkoak eta immigranteak dira ustiapen horren biktimarik handienak; baina, egiaz, gizarte osoari erasaten dio.
Gaur egun, oraindik, langile klase gazte eta eskuzabal baten eskabide eta borrokek enpresarien harrropuzkeriarekin eta politika nahiz erakunde egitura zaharkituekin behaztopa egiten dute. Lehengo, oraingo eta etorkizuneko gazteak sistema ekonomiko, sozial eta poltiko bidezkoago eta solidariago bat eraikitzearen alde borrokatzen dira; pertsonen eta herrien zerbitzura egongo den sistema bat nahi dute, eta gizakiekiko begirunea berreskuratzea –esparru guztietan, baita lan arloan ere– izango duena helburu nagusi
Gaur egun, orobat, erresistentziak eta herriaren bulkadak eragindako aldaketa poltiko bat zilegi denez, ezarritako ‘ordenaren’ iraunarazle eta banderadun izan nahi dute zenbait politikok. Gure herrialdeko eskuin alderdiko sektorerik atzerakoienek –beren burua euskal abertzaletzat badaukate ere– ez diete uko egin nahi beren pribilegioei. Hala, eta poliziaren indar basatiaz baliaturik, ez kezkatzeko esan nahi diete kapital multinazionalari eta Espainiari berari ere, alegia hemen eurak arduratuko direla ekonomiaren eta estatuaren ‘ordena’ bermatzeaz.
Eta horrek ahalbidetu zuen joan de urteko martxoaren 3ko manifestazioan eragin zuten errepresio latza, hogeita hamar urteren buruan.
Horretan datza langileen borrokaren iraultza izugarria, eta aurtengo martxoaren 3an ere jendez lepo beteko dira Gasteizko kaleak, euren aldarrikapenez harro; baina, han ez ezik, beste hainbat hiri eta herritan ere izango dira mobilizazioak, martxoaren 3a Langileen Eguna baita dagoeneko Euskal Herri osoan.
Santiago Diaz eta Javi Perez
LABeko kideak eta 1976ko asanblea mugimenduko militanteak
BERRIA
2007-3-3